Gaur egindako ekitaldian, Ahaldun Nagusiak “Gazteen Enplegurako Foru Plana 2012-2015” aurkeztu du Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuarekin batera. Plan horretan 60 milioi euroko inbertsioa egin da Bizkaiko gazteen talentua eta enplegua sustatzeko.
Aurkezpenean Ahaldun Nagusiak azaldu du plana oinarrizko bi arlotan garatuko dela.
Lehenengo eta behin, Foru Aldundiak 35 milioi euro inbertituko ditu enplegua sustatzeko hainbat neurritan. Horrela, neurri horien bitartez 6.500 gaztek lanpostua eskuratzea lortu nahi da: 2.500 lanpostu praktikaldiko kontratuen bidez eta, beste 4.000 autoenpleguaren bidez, euren enpresak edo mikroenpresak sortuz.
Bigarrenik, José Luis Bilbaok azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak 25 milioi euro inbertituko dituela talentua sustatzeko eta bertan gararazteko; horren helburua da talentua Bizkaiko enpresetan txertatzea eta gure ekoizpen-sistema lehiakorragoa izatea. Ahaldun Nagusiak adierazi duenez, datozen lau urteotan 1.500 gaztek laneratzeko dituzten gaitasunak hobetuko dira plan horri esker. Horietatik, 150 gaztek bikaintasuneko beka eskuratzeko aukera izango dute eta 1.350 gaztek enpresa hobekuntzako programetan parte hartu eta nazioarteko praktikak egingo dituzte.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak adierazi du Gazteen Enplegurako Foru Plana ez dela neurri isolatu bat edo bat-batean hartutako neurri bat; Bizkaian ekonomia susper dadin eta enplegua sor dadin diseinatutako jarduera sorta baten barruan dago.
Ildo horretatik, José Luis Bilbaok gogorarazi du Aldundiak Turismoaren Industria Sustatzeko Foru Plana (45 milioi euro) aurkeztu zuela, urtarrilean. Otsailean, berriz, Enpresa Txiki eta Ertainak eta Langile Autonomoak Sustatzeko Foru Plana aurkeztu zuen (90 milioi euro). Martxoan, Enpresa Berriak Sustatzeko Foru Plana sortu zen (50 milioi euro).
GAZTEEN ENPLEGURAKO PLANA 2012 (15,5 MILIOI EURO)
Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak plan horren lehenengo urratsei buruz zehaztu du 2012. urtean Aldundiak 15,5 milioi euro inbertituko duela Gazteen Enplegurako Planean.
Lehenik, Bizkaiko Foru Aldundiak 2012. urtean 8.3 milioi euro inbertituko ditu hitzarmenak eta akordioak sinatzeko, besteak beste, Behargintzak enplegu-zentroekin, enpresa publikoekin (Bizkaia: Xede eta DEMA), EHUrekin eta Deustuko Unibertsitateekin, klusterrekin eta enpresa-elkarteekin... Hitzarmen guztien helburua izango da Bizkaiko gazteei enplegua eta talentua garatzeko prestakuntza ematea.
Bigarrenik, 2012. urtean Bizkaiko Foru Aldundiak 7,3 milioi euro emango ditu hauei laguntzeko:
Praktiketako kontratazioa: 6 hilabetetik gorako praktikaldiko kontratuetan Aldundiak urteko soldata gordinaren % 30 ordainduko du, baldin eta onuradunak 30 urtetik beherakoak badira. Imanol Pradalesen esanetan, enpresa bakoitzean 10 kontratu, gehienez, diruz lagunduko dira: gehienez 9.000 euro urtebetez kontratutako pertsonako bakoitzeko, eta 4.000 euro sei hilabeteko kontratuetarako.
Gazteen autoenplegua sustatzea: Ekonomia Sustatzeko diputatuak gaineratu du Aldundiak laguntzak emango dituela enpresetan gazteak kontratatzeko, bai eta gazteek euren lanpostua sortzen animatzeko ere. Diru-laguntza hauek emango dira:
- 5.000 euro gehienez, enpresa berria abiarazten duten langabe gazteentzat. Enpresa sortu, abiarazi eta lanean jarduteko egin beharreko gastuak ordaintzeko diru-laguntzak emango zaizkie.
- 500 euro, gehienez, enpresa proiektuak egiteko aholkularitzarako, eta 1.000 euro, gehienez, enpresa berriak eratu eta abian hasteko aholkularitzarako. Enplegu eta tokiko garapenerako zentroek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek jasoko dute dirua, gazteei gai ezberdinetako prestakuntza emateko: enpresa-kudeaketa, negozio planak...
- Itzuli beharrik gabeko 5.000 euroko diru-laguntza, gehienez, enpresek sortzen duten lanpostu bakoitzeko, hain zuzen ere, Behargintza zentroetan edo irabazi asmorik gabeko erakundeetan Aldundiaren diru-laguntzarekin egiten diren prestakuntza-ikastaroen ondorioz sortutako enpresetan. Imanol Pradalesk azaldu du urtean 5 kontratu, gehienez, diruz lagunduko direla; lanaldi osoko kontratuak izan behar dira eta urtebete baino gehiago iraun behar dute.
Gazteen ekintzailetza sustatzea: Bizkaiko Foru Aldundiak diru-laguntza emango die 250 langile baino gutxiago duten enpresetako kide diren 30 urtetik beherako gazteei, erosketa hauen gastuak finantzatzeko: makinak, tresnak, altzariak, informazio prozesuetarako ekipoak, garraioa... Ekonomia Sustatzeko diputatuak esan du inbertsio berrien % 70era arte emango zaiela, eta gehienez, 6.800 euro enpresa bakoitzari.
Gazteen bikaintasuna sustatzea: Azkenik, 2012. urtean Aldundiak bikaintasuneko 25 beka abiaraziko ditu; beka bakoitzaren zenbatekoa 10.000 euro da. Atzerriko ospe handiko nazioarteko unibertsitate eta zentroetan hobekuntza profesionaleko ikastaroak egiten dituzten gazteentzat izango dira beka horiek. Diru-laguntza horien bidez, matrikularen gastuak eta tasak, material didaktikoa, herrialderako bidaia eta aseguru-poliza ordaindu nahi dira; horretaz gain, 1000 euro emango dira hilean (sei hilabetez) ostatu eta mantenu gastuetarako.
Azkenik, Imanol Pradalesek 2012. urtearen amaierarako helburuak zehaztu ditu: enpresek praktikaldiko 600 kontratu egitea, autoenpleguko 900 ETE sortzea eta, azkenik, 300 gaztek hobekuntza profesionaleko ikastaroak egitea lan merkatuan sar daitezen errazteko.